| Oharrak | Aurrez zehaztutako irizpideen arabera, entitate bat euskararen aldeko urratsak ematen ari dela egiaztatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak. Entitatearen lana jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria da.
Arlo sozioekonomikoan euskararen normalkuntzan eragiteko ekimenetako bat dugu 2000. urteko ekainean sortu zen Bai Euskarari Ziurtagiria. ZIURTAGIRIAREN ELKARTEA Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez ari da lanean eta xedea irizpide zehatz batzuen arabera euskararen normalizaziorako bidean neurriak hartzen eta betetzen dituzten entitateak identifikatzea eta kreditatzea da.
Euskararen normalizaziorako arlo sozioekonomikoaren euskalduntzea lorpen estrategikoa da; eta neurri berean, esan dezakegu enpresan eta edozein eratako entitatetan, euskara erabiltzea ere erabaki estrategikoa dela. Horrexegatik Bai Euskarari Ziurtagiriari ere balio estrategikoa eman izan zaio hasieratik eta alor horretan eragiteko tresna izan da azken 9 urteotan. 2000ko ekainetik jorratutako bidean arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa, profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena da Bai Euskarari Ziurtagiria.
Dagoeneko 1.530 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiagok eskuratu dute Ziurtagiria (zerrenda osoa www.baieuskarari.org webgunean) eta guztira 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Sektore eta tamaina guztietako Euskal Herri osoko entitate hauek Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin dute. Kalitatea eskaintzen dielako eta beren produktu eta zerbitzuei balioa erantsita, merkatuan lehiakorrago egiten dituelako. |
|---|