| Oharrak | Honako hauek izan dira gure ibilbidean zehar burutu ditugun ekintza nagusiak:
KULTURGINTZA TAILERRAK: 1999tik gaurdaino Trikitixa, txalaparta, alboka, panderoa eta haur bertsogintza eskaini izan ditugu, gehienbat jende helduarentzat kultura eta folklorea euskaraz lantzeko aukera izan dezaten.
OPORRETAN EUSKARAZ: 2002tik gaurdaino, udaberri, uda, zein neguan 13 aste kultural burutu ditugu. Une honetan esperientziak eta erantzunak hala agintzen digulako haurrentzako eta familientzako eskaintza burutzen dugu batez ere.
MINTZA PRAKTIKA: Sortu ginenetik ekin genion lehen egitasmoetako bat izan zen hau. Argi esan dezakegu oso arrakastatsua izan dela. Egun hiru talde daude txanda ezberdinetan. Honekin lotuta bestelako eskaintza osagarriak ere antolatzen ditugu: Herri euskaldunetara bidaiak, Kafe-tertuliak…
AITON-AMONENTZAT Oinarrizko euskara: Martxan da 2008ko urritik Aiton-amonen taldea, oso esperientzia polita izan da, eta gure ustez, aurrera begira bultzatu beharrekoa.
LARUNBAT KULTURALAK: 2005ean hasi ginen eskaintza hau luzatzen eta larunbatero eskaini dugu geroztik. Hilabetean behin auzoko ikastetxe guztietako ikasleei orri bat banatzen zaie proiektatuko diren filmeen eta egingo diren ekintzen berri emanez. 11:00etatik 13:30etara Amaia zentroa zabalik egoten da eta honako hau da egitaraua: Lehenengo ordu beteko pelikula baten proiekzioa eta gero tailer eta jolasak egiten dira beste ordu eta erdiz.
FORMAKUNTZA EUSKARAZ:
- 2005etik gaurdaino Aisia eta Astialdiko begirale zein zuzendari titulazioa euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dugu URTXINTXA eskolarekin elkarlanean.
- Horrekin lotuta ikastaro 3 monografiko antolantu ditugu, aisia eta astialdian euskararen erabilera bultzatzeari begira.
- Euskara nola landu gazteen aisialdian izeneko jardunaldiak, 2008ko ekainean
- BESTELAKO IKASTAROAK: Etxeko elektrizitatea, antzerkigintza, bertsogintza…
IKUS-ENTZUNEZKO GELA: Liburutegia eta multimedia gela.
- Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak emandako bideo, liburu, CD eta abarrez osatua. 3500 dokumentu inguru, 7 ordenagailuko plataforma eta guzti.
- Nahi duten guztiek eskuragarri izan dituzte Liburutegiko karnetak maileguan liburuak, audioak eta bideoak eraman ahal izateko eta Internet euskaraz erabiltzeko zerbitzua.
- Zinema emanaldiak burutzeko gela dugu, azpiegitura egokiarekin.
AMAIA ZENTROA, EUSKARAREN BILGUNE: 2009ko urtarriletik aurrera, eta Gasteizko Udalarekin sinatu dugun hitzarmenaren bidez, Euskharan Elkartearen esku geratu da AMAIA ZENTROAREN kudeaketa osoa. |
|---|